XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elektrizitatea oso arriskutsua gerta daiteke zuzenki edo modu egokian erabiltzen ez bada.

Badakizu elektrizitate eroale onak eta txarrak daudela.

Gure gorputza eroale on bat da.

Horregatik, beharrezko kontuak gabe, entxufe bat ukitzen badugu edo aparatu elektrikoak maneiatzen baditugu, deskarga elektriko bat gerta dakiguke.

Hau intentsua baldin bada, erredura larriak, eta baita heriotza ere, eragin diezaguke.

Istripuak ekiditeko har itzazu kontutan honako gomendio hauek: - Ura elektrizitate eroalea da.

Horregatik ez duzu entxufatu behar aparatu elektrikorik esku hezez edo, oinutsik baldin bazaude, zoru heze gainean zaudelarik.

- Ez erabili kableak zurituak dituen aparaturik.

- Aparatu elektriko bat desentxufatzean ez kordoitik tiratu, plastiko edo gomazko ziri isolatzailetik baizik.

- Ez sekula sartu gauzarik entxufeetan.

- Ez igo elektrizitatea daramaten kableak eusten dituzten dorre edo zutoinetara.

Ez jolastu ezta ere zutoin hauen ondoan kableak uki ditzaketen makil, kometa edo beste edozein gauzarekin.

ARIKETAK 11. Zergatik lehortu behar ditugu eskuak aparatu elektriko bat erabili aurretik?.

12. Ikertu zertarako erabiltzen den zinta isolatzailea.

13. Jakin ezazu non dagoen zure etxeko etengailu orokorra eta noiz deskonektatu behar den.

14. Aparatu elektriko bat desentxufatzean ziri isolatzailetik tiratu beharrean kordoitik tiratzen badugu, zer gerta liteke?.

Badakizu... Etxeetan kableek beti egon behar dutela gomaz edo plastikoz ondo estaliak? Kablearen estalkia zuritua baldin badago, deskarga elektriko bat eman diezaguke edo sute bat sortarazi.

Zure etxean egoera txarrean dagoen kable bat ikusten baduzu, esaiozu pertsona nagusi bati konpon dezan.

Elektrizitate eroaterako dorre edo zutoinetako hariek ez daramate estalki babestailerik; horregatik dira oso arriskutsuak.